lunes, 27 de septiembre de 2010

Hegaztien Nazioarteko Eguna

Hegaztien Nazioarteko Eguna BirdLife International taldeak sustatzen du eta munduko 100 herrialdetan baino gehiagotan ospatzen da. Ekitaldiaren helburu nagusia hauxe da: hegaztien mundua eta habitata biztanle guztiengana hurbiltzea. Horrela, hegaztien bizimodua, mehatxuak eta arriskuak zeintzuk diren jakin ahal izango dugu, eta ondorioz, partaideok ingurumena babesteko garrantziaz kontzientziatuko gara. Horretarako, eraztunketa egiten duen Txepetxa taldearen, SEO/BirdLife elkartearen eta ingurumena interpretatzeko Peñas Negas zentroaren laguntzarekin batera, ingurumena zaintzeko IZATE elkarteak urriaren 2 eta 3rako (larunbata eta igandea) honako ekintza hauek programatu ditu:

-URRIAREN 2a, LARUNBATA: Honako ekintza hauek garatuko ditugu:
Hegaztiei egiten zaien eraztunketa zientifikoaren erakustaldia. Goizeko 8:30etik 13:00ak arte La Arena (Muskiz) hondartzako aisialdi-gunean Txepetxa elkartearen eskutik (www.txepetxa.org). Eguraldi ona egiten badu baino ez da egingo. Euria edo haize zakarra egitekotan, ekintza bertan behera geratuko da.

-URRIAREN 3a, IGANDEA: Ingurumena interpretatzeko Peñas Negras (La Arboleda) zentroan, honako ekintza hauek garatuko ditugu:
Triano mendietan zehar hegaztiak behatzea. Bi ibilbide eta txanda egongo dira. 9:00etatik 10:30ak arte eta 11:30etik 12:30ak arte. Prismatikoak eramatea gomendatzen da.
Goizeko 11:00etatik 14:00etara: Ornitologia eta sai beltzari buruzko informazioa. Jasaten dituen mehatxuak direla eta, hegazti mota horrek “2010. urteko Hegaztia” izendapena lortu du. Horretaz gain, honako ekintza hauek ere egongo dira: hegaztiei buruzko umeentzako tailerrak eta jokoak, natura mantentzeko informazio-tokia, lehiaketak, etab.

2010. urteko Hegaztien Nazioarteko Egunaren helburu orokorrak:
• Hegaztien mundu zirraragarria eta hori mantentzeko arazoen berri ematea. Horrela, hegaztien munduarekiko interesari esker, ingurumena babesteko partaidetza eta laguntza handiagoa lortu ahal izango ditugu.
• Hegaztiek jasaten dituzten mehatxuak eta horiek bizirik iraunarazteko beharrezko neurriak jakinaraztea.

Helburu zehatzak:

Edizio honetan, bi ahalegin nagusi hauek egingo ditugu:

• Edizio honetako leloa: “BIODIBERTSITATEA GORDE DEZAGUN”. “Biodibertsitatea bizitza da. Biodibertsitatea gure bizitza da” leloarekin, Nazio Batuek 2010. urtea Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Urtea izendatu dute. Beraz, 2010. urtea gure planetaren biodibertsitatearen etorkizunerako urte garrantzitsua da; izan ere, Europar Batasunak eta Nazio Batuek 2050. urterako biodibertsitatea mantentzeko helburuak onetsi behar ditu, 2020. urterako bitarteko helburu batzuekin batera. BirdLife International eta SEO/BirdLife elkarteak eta toki mailako Izate elkartea gogor ari dira lanean helburu horiek asmo handikoak izateko eta horiek betetze aldera mekanismo egokiak garatzeko.

• Biztanleak hurbilen dugun natura ingurunea mantentzeko garrantziaz kontzientziatu behar ditugu, hori baita nazio mailan zein nazioartekoan ingurumena gordetzeko lehenengo urratsa. Honen adibide garbia Barbadun ibaiko estuarioa mantentzeko ahalegina dugu. Estuario horrek Europar Batasuneko Interes Bereziko Tokiaren izendapena du eta Triano eta Galdames mendiak Babestutako Biotopo izateko tramiteak egiten ari gara (inoiz bukatuko ez diren tramiteak, duela lau urte lortu baikenuen hasierako izendapena).

No hay comentarios: